Ekainaren 14an amaitu zen Ismael Igartuaren zuzendaritzapean eta Dani Justelek koordinatuta Mondragon Unibertsitateak antolatzen duen “Patente Aditua Enpresan” kurtsoaren XI. edizioa. Edizio honek aurreko edizioekiko bi berritasun azpimarragarri zekartzan.
Lehen berritasuna kurtsoaren babesleen zerrendan dago, 2010an kurtsoa jaio zenetik laguntzaile izan diren SPRI, Enterprise Europe Network eta Innobasqueri BRTA batu zaie eta.
Bigarren berritasunak kurtsoaren programarekin du zerikusia. Lehen aldiz ohiko zortzi saioei kurtsoaren laburbiltze saio bat gehitu zitzaien. Saio honetan aurreko ediziotako ikasleek parte hartzeko aukera izan zuten, eta honako gonbidatu berezi hauek bertaratu ziren: Leire Bilbao, Innobasqueko Zuzendari Orokorra, Rikardo Bueno, BRTAko Zuzendari Orokorra, eta Garbiñe Manterola, Knowledge Transfer Managerra BRTAn.
Lehenik eta behin, IP Management gaietan aditua den Idoia Apraizek erakunde bakoitzaren beharren neurrira egindako IP estrategia baten inplementazioaren inguruan sakondu zuen. Gero, aurreko ediziotako bi ikaslek IP mailako beraien esperientziak partekatu zituzten, Horizon Europe-eko EIC-an Berrikuntza Coach den Iñigo Irizarrek alde batetik, eta Ulma Packagingeko Competitive Intelligence Manager den Eneko Izquierdok bestetik. Ismael Igartuak eman zion amaiera saioari kurtsoaren bederatzi saio bizietan zehar ikasitako lezio printzipalak gogoratuz.
Ondoren, aurreko ediziotan bezala, Leire Bilbaok diplomak eman zizkien ikasleei. Diplomen ematearen ondoren, ohiturari jarraiki berri honen goiburuan ageri den familia argazkia atera zuten edizio honetako ikasleek Leire Bilbao, Dani Justel eta Ismael Igartuarekin batera.
Parte hartzaileek mahai baten bueltan gozatutako luntx batekin luzatu zuten saioa, kurtsoko hizlarien maila eta kurtsoaren kalitatea eta baliagarritasuna goraipatuz. Antolatzaileak hurrengo edizioa antolatzeko gogoz daude jadanik.
Idoia Apraiz, azken saio honetako hizlaria.
Iñigo Irizar, zortzigarren edizioko ikaslea.
Eneko Izquierdo, bigarren edizioko ikaslea.
Leire Bilbao, Dani Justel eta Ismael Igartua diplomak eman ondoren.
Hauek izan ziren bederatzi saioak:
- 1. SAIOA: Jabetza industrial eta intelektualera sarrera (Ismael Igartua) – Patente sistemara sarrera (Pascual Segura).
- 2. SAIOA: Patentagarritasuna eta patente eskaerak (Guillaume Durville).
- 3. SAIOA: Patenteen tramitazioa eta beste herrialdetara zabaltzea (Santiago Jordá).
- 4. SAIOA: Patente dokumentazioa eta patenteen zaintza teknologikoa (Carmen Toledo).
- 5. SAIOA: Patenteen urratzea (Anna Barlocci).
- 6. SAIOA: Patente kudeaketa enpresan I (Alessandro Orsi).
- 7. SAIOA: Patenteekin lotutako gatazkak (Ignasi Marqués).
- 8. SAIOA: Patente kudeaketa enpresan II (Hendrik Promies).
- 9. SAIOA: Gure beharren neurrira egindako IP estrategia baten inplementazioa (Idoia Apraiz).
Hona hemen irakasleen inguruko informazioa:
Ismael Igartua
|
Telekomunikazio Ingeniaria. Jabetza Industrialeko Agentea eta Patente Europarren Agentea. GALBAIAN Intellectual Property-ko bazkide sortzailea eta zuzendaria. Fagor Koop. E.-ko Jabetza Industrialeko Departamentuko zuzendaria izan zen 2005etik 2011n GALBAIAN sortu arte. Departamentu horretan egin zuen lan 1998tik patente idazle eta aholkulari bezala. |
Pascual Segura |
Kimikan Doktorea eta Jabetza Industrialeko Agentea. Bartzelonako Unibertsitateko Patente Zentroaren sortzaile eta zuzendaria 1987tik. Patenteei buruzko kurtso ugari antolatu eta eman ditu, enpresetan emandako in-house kurtsoak barne. Klaseak emano hi ditu beste unibertsitate batzuetan eta negozio eskolatan. EPO-ko European Patent Academy-ko lehen Academic Advisory Board-eko lau kide hautatutako bat izan da, eta WIPO Patent Drafting Manual (2nd ed. 2022) delakoaren bi autoreetako bat. |
Guillaume Durville
|
Ingeniari elektrikoa, M.Sc. Fisikan eta DEUG Zuzenbidean. Patente Europarren Agentea. Plasseraud IP agentzian dihardu lanean 2019tik. Aurrez ZBM Patents-en aritu zen. 2004tik 2017ra Hewlett Packard (HP) eta Hewlett Packard Enterprise enpresetan egin zuen lan, patente departamentuaren mundu mailako lidergoa eramanez. 2000tik 2004ra esaminadorea izan zen Europar Patenteen Bulegoan. 1997tik 2000ra bitartean Patente Agente modura egin zuen lan Procter & Gamble-en. |
Santiago Jordá |
Ingeniari Industriala. Jabetza Industrialeko Agentea eta Patente Europarren Agentea. Curell Suñol-eko Patente Departamentuko arduraduna 1999tik. Industria sektorean 10 urteko esperientziaren ondoren, 1997an Curell Suñol-en hasi zen, Patente Departamentuan, non ES, EP eta PCT eskaerak idazten diren eta beraien atzerrira zabaltzea zaintzen duten. |
Carmen Toledo de la Torre |
Farmazian Doktorea. 1986tik Oficina Española de Patentes y Marcas (OEPM)-eko funtzionario gisa patente esaminatzailea, Bilaketa Zerbitzuko burua eta Dokumentazio eta Bilaketa Saileko burua izan da, gaur egun Informazio Teknologikoko Unitateko buru delarik. Sarri ematen ditu klaseak patenteei eta zaintza teknologikoari buruz unibertsitatetan, negozio eskoletan eta beste herrialde batzuetako patente bulegoetan. |
Anna Barlocci |
Ingeniari Industriala. Patente Europarren Agentea. ZBM Patents-eko bazkide sortzailea. Hogeita hamar urtetik gorako eskarmentu profesionala dauka patente eskaera espainiar, europar eta PCT-en idazketa eta tramitazioan ingeniaritzako adar anitzetan. Baliotasun, urratze arrisku eta due diligence txostenak ere sarri prestatzen ditu, baita espainiar epaiketetan peritu diktamenak ere. |
Alessandro Orsi |
Informatikan Lizentziatua. Patente Europarren Agentea. Jabetza Industrial, Patente eta Marken Agente italiarra. HP Inc.-eko JIko Transakzio Departamentuko lehendakariorde orokorra. 1992tik 1996ra IBM Italiako Patente Departamentuan egin zuen lan, eta gero Pirelli-n Patente Agente eta JIeko aholkulari gisa. 1998tik HP Inc-eko departamentu legalean egiten du lan. |
Ignasi Marqués |
Abokatua. Grau & Angulo-ko bazkidea, 2017ko otsailetik egiten du lan bulego honetan. Aurretik Baker & McKenzie-ko abokatu izan zen 16 urtez. Patente auzietan espezialista. Jabetza Industrial eta Intelektualeko Masterduna (Magister Lucentinus, Alacant-eko Unibertsitatea). US Patent Law-n graduatua (Chicago-Kent College of Law). |
Hendrik Promies |
Ingeniari elektrikoa. Patente Europarren Agentea eta Patenteen Agente Alemaniarra. Siemens AG-ko IP mailako aditu printzipala. 2001an hasi zen Siemens AG-ko IP Departamentuan eta ordutik negozio ezberdinetako IP mailako eginbehar estrategiko eta operatiboen arduradun izan da funtzio ezberdinak betez. 2010eti 2016ra komunikazio teknologia eta ordenadorez burututako asmakuntzetan aditua zen IP mailako aholkulari talde bat zuzendu zuen, eta ondoren potentzia distribuzio sailera pasatu zen. Ohiko hizlaria da IParen inguruko mintegi eta kurtsoetan, bereziki patenteen zuzenbide europarraren inguruko gaiak jorratuz. |
Idoia Apraiz |
Farmazian doktorea. Jabetza industrialeko agentea eta Europako patenteen agentea. Master of Intellectual Property Law and Management (CEIPI, 2019). GALBAIAN Intellectual Propertyko bazkidea 2012tik. GALBAIANeko Jabetza Industrialaren eta Intelektualaren Kudeaketa Arloko arduraduna. Espainia-Portugalgo LESeko (“Licensing Executives Society”) Balorazio Batzordeko co-chair. Hizlaria da JIari buruzko hainbat foro, mintegi eta hitzalditan. Mondragon Unibertsitateko gradu eta master batzuetako hizlari gonbidatua eta irakaslea ere bada. |