Jabetza Industrial eta Intelektualaren (IP – “Intellectual Property”) nazioarteko eguna dela eta, GALBAIANek hitzaldi presentzial bat antolatu du GARAIA Parke Teknologikoko auditorioan, IPaz eztabaidatzeko eta gure asmatzaileak GALBAHE Sariaren bitartez aldarrikatzeko. Aurtengo jardunaldia berezia izan da guretzat, GALBAIANen hamargarren urteurrena ospatzeko aprobetxatu nahi izan dugu eta.

Jabetza Intelektualaren Mundu Erakundeak (WIPO – “World Intellectual Property Organization”) aurtengorako aukeratutako gaiaren ildotik, “IP eta gaztedia: etorkizun hobe baterako berritzen”, gazteei eman diegu ahotsa, baina esperientziaren ahotsa ere entzun dugu. Luxuzko zortzi hizlariren eskutik, gaztetasuna eta eskarmentua lau testuingurutatik hurbildu dira IPra: startup-ak, enpresak, zentro teknologikoak eta unibertsitateak.

Startup-en mundutik gaia jorratu dutenak Manex Darceles, ekintzailea eta MIRU Studio startupeko zuzendari nagusia, eta Joseba Sagastigordia, MONDRAGON Sustapen Zentroko zuzendaria, izan dira. Enpresa munduaren ordezkari BATZ Group izan da, automobilgintzaren sektorerako produktu eta zerbitzuen hornitzaile globala. Gaztetasunak Egoitz Goikuria berrikuntza ingeniari eta Aeroespazioko Enpresa Koordinatzailearen ahotan hitz egin du, eta eskarmentua erakunde honetako IP kudeatzailea den Aitor Bustillok jarri du. Enpresaren munduak zentro teknologikoen munduari bide eman dio IKERLANen eskutik, David Cubillas, Egiturazko Fidagarritasuneko Doktoregaiaren eta Juan Manuel Pagalday, zentroko IP kudeatzailearen parte hartzearekin. Azkenik, unibertsitate esparrutik, Egoitz Goikoetxea ekintzaileak eta GURA startup-eko zuzendari nagusiak eta Laida San Sebastian Mondragon Unibertsitateko Ekintzailetza Koordinatzaileak egin dute beraien ekarpena.

Gazteenek kutsatuta, energia eta gogo bizia izan dira nagusi jardunaldi osoan zehar. Hizlari gazteek aitortu dute IPari dagokionez eszeptizismotik eta ezjakintasunetik beraien proiektuentzako duen garrantziaz oso kontziente izatera pasatu direla. Eskarmentuaren ahotsek baieztatu dute azken urteotan asko aurreratu dela arlo honetan, baina asko dagoela egiteko oraindik. Inpresio orokorra da behar baino askoz gutxiago babesten dela, neurri handi batean IP kultura faltagatik. Zentzu honetan, unibertsitateetan IP prestakuntza txertatzeko beharra nabarmendu da, profesional berriak lan-merkatuan sartzerako orduan ala ekintzailetzari ekiterako orduan aktibo ukiezinen babesari eta kudeaketari dagokionez zentzuz jokatzeko beharrezko ezagutza izan dezaten.

Aurkezpen ezberdinen eta parte hartzaileen artean sortutako elkarrizketaren ostean, Bitor Mendigurenek asmatzaile onenaren GALBAHE Saria jaso du. Momentu hunkigarria izan da, eta Bitorrek saria eskertu du, aurretik gazteenek erakutsitako energia eta gogo bizi bera transmitituz.

Azkenik, jardunaldian parte hartutako guztiek GALBAIANen hamargarren urteurrena ospatu dugu luntx bat partekatuz, GALBAHE Sariaren irabazlearekin eta hizlariekin solasteko aukera baliatuz.

 

Manex Darceles: “Guretzat ezinbestekoa da gure bideojokoen IPa babestea, hala egin dugu “FINGER GUN” bideojokoarekin, eta horrela egingo dugu hurrengoekin. IP arloan estrategia bat eta ibilbide-orri bat ditugu”.

Joseba Sagastigordia: “Balorizazio teknologikoa ohikoa da gure inbertsioetan; balioa eman behar zaio jabedun teknologiari, eta merkatuak eskatzea ekoizten edo inbertitzen dugun teknologia hori. IPa balorizazio teknologikoan funtsezkoa da”.

Egoitz Goikuria: “IParen mundua arraroa eta konplexua iruditu zitzaidan hasieran, baina denborarekin egiaztatu dut, nahiz eta konplexua izan, funtsezkoa dela gure negozioan”.

Aitor Bustillo: “Komenigarria litzateke karrera teknikoetan IPa lantzea, langile berriek duen eragina aldez aurretik ulertu dezaten”.

David Cubillas: “Hasieran, IPa urrutiko zerbait bezala sumatzen nuen, ikasle baten irismenetik at, eta mundua alda dezaketen asmakizun iraultzaileak baino ezin zitezkeela patentatu uste nuen. Orain badakit garatzen ari naizena patentagarria izan daitekeela eta IPa oinarrizko tresna dela berrikuntzaren munduan”.

Juan Manuel Pagalday: “Patenteak oso garrantzitsuak dira, baina patenteetatik harago bizitza dago, IParen ikuspegi orokorra izatea komeni da”.

Egoitz Goikoetxea: “Zorionez, benetan gustatzen zaidanarekin, surfarekin, zerikusia duen proiektu batean nabil. Orain, nire proiektuarekin lotutako IParen babesteko fasean nago”.

Laida San Sebastian: “Argitaratu behar duen erakunde gisa ikusten gaituzue, eta, are okerrago, ikusten dugu geuk ere geure burua, baina ez gara argitaratzera mugatu behar, unibertsitatetik IPa sortu eta ustiatu behar dugu”.

Ismael Igartua: “Gaztediarentzako eredu eta inspirazio iturri den espiritu berritzaile, dinamiko eta sortzailedun asmatzaile bati eman diogu GALBAHE Saria”.

Bitor Mendiguren: “Benetan hunkigarria izan da sari hau jasotzea. Segi asmatzaileak babesten, garrantzi haundiko lana bait da”.

Ismael Igartua: “Hamar urte igaro dira gure amets profesionalari Galbaian izena jarri genionetik. Galbahean aritu nahi genuen guk, proiektu berritzaileek berez daukaten urrea aurkitu eta babesteko, eta “galbahean” hori “Galbaian” bihurtu zen. Aurrerantzean ere urre bila jarraituko dugu guk, Bitor bezalako asmatzaileek sortzen duten urrea identifikatzen, babesten eta estrategikoki kudeatzen laguntzen.”

CategoryAgenda, Galbaian, PI

2020 © GALBAIAN INTELLECTUAL PROPERTY

logo-footer

Legezko oharra | Cookien | Pribatutasun politika    mondragon simbolo-twitter