Apirilaren 19an hasiko da “Patente Aditua Enpresan” kurtsoaren XI. edizioa Mondragon Unibertsitatearen eskutik. Edizio honek aurreko edizioekiko berritasun azpimarragarriak dakartza.

Lehen berritasuna kurtsoaren babesleen zerrendan dago, 2010an kurtsoa jaio zenetik laguntzaile izan diren SPRI, Enterprise Europe Network eta Innobasqueri BRTA batu zaie eta.

Kurtsoaren helburua betikoa da: ikasleei patenteen inguruan formakuntza ematea estrategia, kudeaketa eta errentagarritasun ikuspuntu batetik, ondorengo gaitasunak izan ditzaten:

  • Norberaren garapenak patentatzeko aukerak detektatu eta aprobetxatzea.
  • Proiektu berri bakoitzerako patenteekin lotutako mugarriak finkatzea.
  • Patente estrategia bat finkatzea.
  • Patente adituekin, jabetza industrialeko agenteekin adibidez, interlokuzio egokia mantentzeko irizpideak jasotzea.
  • Patente zorro bat kudeatzeko jarraibideak finkatzea.
  • Enpresan patente kultura bat sortzea.
  • Hirugarrenekin patente salmenta akordioak, patente lizentziak, teknologia transferentzia akordioak, elkarlan akordioak eta abar negoziatzeko ildoak finkatzea.
  • Patenteekin erlazionatutako egoera gatazkatsuak kudeatzea.
  • Enpresan jabetza industrialaren arloan erreferente bilakatzea.

Aurrekoak bezala Ismael Igartuak zuzenduko duen eta Mondragon Unibertsitateko Dani Justelek koordinatuko duen hamaikagarren edizio honetan, beti bezala aparteko hizlariek hartuko dute parte. Edizio honen bigarren berritasun aipagarria hizlariei dagokiena da hain zuzen ere, ze ohiko diren zazpi hizlariez gain, Tony Tangena eta idoia Apraiz izango ditugu. Tony urte askotan Philips-eko jabetza industrial eta intelektualaren arduraduna izan zen eta gaur egun enpresak eta start-up-ak aholkatzen ditu arlo honetan. Idoia Apraiz berriz Galbaianeko jabetza industrial eta intelektualeko kudeaketa arloko arduraduna da.

Hirugarren berritasuna saioetan dago. Lehen zazpi saioen egitura aurreko kurtsoetako berdintsua izango da. Zortzigarren saioan Tonyk jabetza industrial eta intelektualarekin balioa nola sortu azalduko du, eta bederatzigarren saio bat egongo da kurtsoan zehar ikasitakoa errepasatu eta norberaren neurriko jabetza industrial eta intelektual mailako estrategia bat finkatzeko urratsak emateko.

Hauek izango dira bederatzi saioak:

  • 1. SAIOA: Jabetza industrial eta intelektualera sarrera (Ismael Igartua) – Patente sistemara sarrera (Pascual Segura).
  • 2. SAIOA: Patentagarritasuna eta patente eskaerak (Guillaume Durville).
  • 3. SAIOA: Patenteen tramitazioa eta beste herrialdetara zabaltzea (Santiago Jordá).
  • 4. SAIOA: Patente dokumentazioa eta patenteen zaintza teknologikoa (Carmen Toledo).
  • 5. SAIOA: Patenteen urratzea (Anna Barlocci).
  • 6. SAIOA: Patente kudeaketa enpresan (Alessandro Orsi).
  • 7. SAIOA: Patenteekin lotutako gatazkak (Ignasi Marqués).
  • 8. SAIOA: Creating value from your innovations using IP (IP strategy, patent valuation and IP licensing) (Tony Tangena).
  • 9. SAIOA: Gure beharren neurrira egindako JI estrategia baten inplementazioa (Idoia Apraiz).

Hona hemen irakasleen inguruko informazioa:

Ismael Igartua

Telekomunikazio Ingeniaria. Jabetza Industrialeko Agentea eta Patente Europarren Agentea. GALBAIAN Intellectual Property-ko bazkide sortzailea eta zuzendaria. Fagor Koop. E.-ko Jabetza Industrialeko Departamentuko zuzendaria izan zen 2005etik 2011n GALBAIAN sortu arte. Departamentu horretan egin zuen lan 1998tik patente idazle eta aholkulari bezala.

Pascual Segura

Kimikan Doktorea eta Jabetza Industrialeko Agentea. Bartzelonako Unibertsitateko Patente Zentroaren sortzaile eta zuzendaria 1987tik. Patenteei buruzko kurtso ugari antolatu eta eman ditu, enpresetan emandako in-house kurtsoak barne. Klaseak emano hi ditu beste unibertsitate batzuetan eta negozio eskolatan. EPO-ko European Patent Academy-ko lehen Academic Advisory Board-eko lau kide hautatutako bat izan da, eta WIPO Patent Drafting Manual (2nd ed. 2022) delakoaren bi autoreetako bat.

Guillaume Durville

Ingeniari elektrikoa, M.Sc. Fisikan eta DEUG Zuzenbidean. Patente Europarren Agentea. Plasseraud IP agentzian dihardu lanean 2019tik. Aurrez ZBM Patents-en aritu zen. 2004tik 2017ra Hewlett Packard (HP) eta Hewlett Packard Enterprise enpresetan egin zuen lan, patente departamentuaren mundu mailako lidergoa eramanez. 2000tik 2004ra esaminadorea izan zen Europar Patenteen Bulegoan. 1997tik 2000ra bitartean Patente Agente modura egin zuen lan Procter & Gamble-en.

Santiago Jordá

Ingeniari Industriala. Jabetza Industrialeko Agentea eta Patente Europarren Agentea. Curell Suñol-eko Patente Departamentuko arduraduna 1999tik. Industria sektorean 10 urteko esperientziaren ondoren, 1997an Curell Suñol-en hasi zen, Patente Departamentuan, non ES, EP eta PCT eskaerak idazten diren eta beraien atzerrira zabaltzea zaintzen duten.

Carmen Toledo de la Torre

Farmazian Doktorea. 1986tik Oficina Española de Patentes y Marcas (OEPM)-eko funtzionario gisa patente esaminatzailea, Bilaketa Zerbitzuko burua eta Dokumentazio eta Bilaketa Saileko burua izan da, gaur egun Informazio Teknologikoko Unitateko buru delarik. Sarri ematen ditu klaseak patenteei eta zaintza teknologikoari buruz unibertsitatetan, negozio eskoletan eta beste herrialde batzuetako patente bulegoetan

Anna Barlocci

Ingeniari Industriala. Patente Europarren Agentea. ZBM Patents-eko bazkide sortzailea. Hogeita hamar urtetik gorako eskarmentu profesionala dauka patente eskaera espainiar, europar eta PCT-en idazketa eta tramitazioan ingeniaritzako adar anitzetan. Baliotasun, urratze arrisku eta due diligence txostenak ere sarri prestatzen ditu, baita espainiar epaiketetan peritu diktamenak ere.

Alessandro Orsi  

Informatikan Lizentziatua. Patente Europarren Agentea. Jabetza Industrial, Patente eta Marken Agente italiarra. HP Inc.-eko JIko Transakzio Departamentuko lehendakariorde orokorra. 1992tik 1996ra IBM Italiako Patente Departamentuan egin zuen lan, eta gero Pirelli-n Patente Agente eta JIeko aholkulari gisa. 1998tik HP Inc-eko departamentu legalean egiten du lan.

Ignasi Marqués

Abokatua. Grau & Angulo-ko bazkidea, 2017ko otsailetik egiten du lan bulego honetan. Aurretik Baker & McKenzie-ko abokatu izan zen 16 urtez. Patente auzietan espezialista. Jabetza Industrial eta Intelektualeko Masterduna (Magister Lucentinus, Alacant-eko Unibertsitatea). US Patent Law-n graduatua (Chicago-Kent College of Law).

Tony Tangena

Tonyk egoera solidoaren fisikako masterra du, eta ingeniaritza mekanikoan doktorea da. Europako Patenteen Agentea eta Herbeheretako Agentea da. 30 urte baino gehiagoz lan egin zuen Philips Electronicsentzat, lehenik ikertzaile gisa eta gero Philipsen PI departamentuan, eta han hainbat funtzio bete zituen: patenteen agentea, Philipsen JIko hainbat departamentutako zuzendari nagusia, patenteen lizentzien zuzendaria eta, azkenik, lehendakariorde senior eta Philipsen patenteen guztizko zorroaren, 120.000 patente eskubideren, arduraduna, Philipsen enpresen aholkulari JIaren gaineko gai guztietan. Erretiroa hartu ondoren, Tony Europako Patenteen Agenteen Erakundeko presidentea izan zen. Gaur egun, AOMBko PIko aholkulari seniorra da. Tonyk hitzaldi ugari ematen ditu PIak enpresentzat duen garrantziaz, patenteen balorazioaz, PI zorroen kudeaketaz, lizentziez eta berrikuntza irekiaz.

Idoia Apraiz

Farmazian doktorea. Jabetza industrialeko agentea eta Europako patenteen agentea. Master of Intellectual Property Law and Management (CEIPI, 2019). GALBAIAN Intellectual Propertyko bazkidea 2012tik. GALBAIANeko Jabetza Industrialaren eta Intelektualaren Kudeaketa Arloko arduraduna. Espainia-Portugalgo LESeko (“Licensing Executives Society”) Balorazio Batzordeko co-chair. Hizlaria da JIari buruzko hainbat foro, mintegi eta hitzalditan. Mondragon Unibertsitateko gradu eta master batzuetako hizlari gonbidatua eta irakaslea ere bada.
CategoryAgenda, Galbaian

2020 © GALBAIAN INTELLECTUAL PROPERTY

logo-footer

Legezko oharra | Cookien | Pribatutasun politika    mondragon simbolo-twitter