Europako Batzordeak 2020ko azaroaren 25ean argitaratu zuen jabetza industrial eta intelektualari buruzko Ekintza Plan berria. Plan honen helburua da enpresei laguntza ematea, bereziki enpresa ertain eta txikiei (ETE), euren asmakuntzei eta sorkuntzei ahalik eta onura handiena ateratzeko eta gure ekonomia eta gizarterako onuragarriak izan daitezen bermatzeko.

Europako Batzordeak argi dauka jabetza industrial eta intelektuala (JI) funtsezko alderdia dela hazkunde ekonomikorako, izan ere, enpresen aktibo ukiezinei balioa eransteko balio du. Ekintza Planaren xedea da, alde batetik, Europako sormeneko industriari eta industria berritzaileari mundu mailan duen lidergoa mantentzen laguntzea eta, bestetik, Europako trantsizio digitala eta ekologikoa azkartzea. Zehazki, Ekintza Planean bost erronka definitu dira:

  • JIaren babesa hobetzea;
  • ETEek JIa ezar dezaten sustatzea;
  • JIa trukatzea erraztea industrian ezarpen teknologikoa areagotzeko;
  • faltsutzeen aurka borrokatzea eta JI eskubideen babesa hobetzea; eta
  • mundu osoan garbi joka dadin sustatzea.

Koronabirusaren krisiak azaleratu egin ditu ere berrikuntzak eta teknologia kritikoek dituzten hainbat mendekotasun. Horregatik, Ekintza Planean erronka horiek jorratu dira, JI kritikoa krisi garaian erabilgarri egon dadin bermatzen den aldi berean.

Bost erronka hauei aurre egiteko, Ekintza Plan honek bost funtsezko arlo ezarri ditu jarduketa proposamen espezifikoekin:

1) JIaren babesa hobetzea

Hasierako lehentasuna da Europar Batasuneko berritzaileek babes tresna azkar, eraginkor eta arrazoizkoak eskura izan ditzaten ziurtatzea. Zentzu horretan, uneko fragmentazioa eta konplexutasuna murriztu nahi dira. Proposamen zehatz hauek planteatu dira:

  • Patente unitarioaren sistema bat abian jartzea.
  • Patentatutako produktu fitosanitarioen eta medizinalen babes ziurtagiri osagarriak
  • EBko diseinuen babesa modernizatzea.
  • Nekazaritzako adierazpen geografikoen (AG) babesa areagotzea eta, aldi berean, nekazaritzakoak ez diren produktuetarako adierazpen geografikoen babes sistema baten bideragarritasuna aztertzea EB mailan.
  • Teknologia berriek (hala nola adimen artifizialak eta “blockchain” delakoak) JIaren sisteman izandako inpaktua aztertzeko eztabaida industriala abian jartzea.
  • Landare jatorriko eskuratzeen babes sistema hobetzea.

2) Enpresa txiki eta ertainek (ETE) jabetza intelektuala ezar dezaten sustatzea

Europako berritzaile eta sortzaileak, bereziki ETEak, sarritan ez dira ohartzen JIa beren enpresa estrategian integratzearen onurez. Esaterako, ETEen % 9k bakarrik eskatzen dute JIaren babesa. Enpresa txikienei beren aktibo ukiezinak kapitalizatzen laguntzeko helburuarekin, Europako Batzordeak informazioa eta aholkularitza hobetzeko neurriak proposatzen ditu. Honi esker, koronabirusaren ondorioak pairatu dituzten ETEek hobe kudeatu eta aprobetxatu ahalko dituzte beren JI zorroak, finantza laguntza plan berri batekin. Plan horrek EUIPOaren funtsetatik ateratako 20 milioi euro jasoko ditu lehenengo urtean zehar. Halaber, Europako Batzordeak JIaren inguruko aholkularitza eta laguntza jarriko ditu EBak finantzatutako ikerketa eta berrikuntza programetan parte hartzen duten guztien eskura, I+G+b alorreko interesdun guztiekin JIaren eskubideei are balio handiagoa emateko lan egiteaz gain. Jabetza intelektuala finantzaketa lortzeko palanka gisa erabil dadin sustatuko du ere.

3) JIa trukatzea erraztea

Ekintza Planak, alde batetik, aktibo ukiezinak babestu nahi ditu, baina, bestetik, aktibo ukiezin kritikoetarako sarbidea ere hobetu nahi du, gure ekonomia eta gure gizartea aktibo kritiko horien mende baitaude. JIaren sistemak osasun larrialdiei –esaterako, egungo koronabirusaren pandemiari– aurre egiteko orduan izan dezakeen eginkizun garrantzitsua kontuan hartuta, Batzordeak krisi garaian JI kritikoa trukatzeko neurriak proposatzen ditu, aldi berean inbertsioaren itzulkinak bermatuta. Horrez gain, Batzordeak egile eskubideen azpiegitura hobetu batean lan egingo du eta JIak babestutako datuak hobe mobilizatzeko neurriak hartuko ditu. Era berean, gardentasuna eta aurreikuspena hobetzeko moduak proposatuko ditu funtsezko patente estandarrak (SEP, ingeleseko akronimoaren arabera) emateko orduan, patente hauek ezinbesteko elementuak baitira Europako industriaren eraldaketa digitalerako, esaterako konektatutako automobilen eta bestelako IoT produktuen hedapenerako.

4) Faltsutzeen aurka borrokatzea eta JI eskubideen babesa hobetzea

Produktu faltsutuen eta pirateatutako produktuen inportazioek EBaren BPGd-aren % 6,8 hartzen dute. Batzordeak JI eskubideen aplikazio eraginkor eta orekatua hobetuko du. Esaterako, Zerbitzu Digitalen Legearen hurrengo paketearen osagarri gisa, EBko faltsutzearen aurka borrokatzeko erreminta kutxa bat ezarriko du, JI eskubideen titularren, bitartekarien (esaterako, lineako merkatuak) eta agintaritza judizialen arteko kooperazio eraginkorra sustatu eta errazte aldera.

5) Mundu osoan garbi joka dadin sustatzea

JI eskubide ugari sortzen dituzten industriek EBko ondasun esportazioen % 93a hartzen duten arren, gure enpresek oraindik ere erronka latzak gainditu behar izaten dituzte EBtik kanpoko herrialdeetan jarduteko. Erronka horiek jorratu ahal izateko, Batzordearen helburua da EBaren posizioa indartzea JIaren alorreko nazioarteko arauen sustatzaile gisa. Halaber, erkidegotik kanpoko herrialdeen jardunbide desleialen aurrean EBak duen erantzuna areagotuko da ere, esaterako, espioitza industrialeko kasuetan edo I+G lankidetzaren alorreko JIaren bidegabeko jabetze saiakeretan.

Ekintza Plan hau 2021. eta 2022. urteetan zehar burutuko da.

Ekintza Plana hemen aurki daiteke: https://ec.europa.eu/docsroom/documents/43845

CategoryPI

2026 © GALBAIAN INTELLECTUAL PROPERTY

logo-footer

Legezko oharra | Cookien | Pribatutasun politika     mondragon