Hurrengo ekainaren 1ean jarriko da indarrean Patenteen Auzitegi Bateratuaren Akordioa, eta horrek patente unitarioaren sistema martxan jartzea ekarriko du. Arrazoi honengatik, errealitate berri honen aurrean enpresetako patenteen arduradunek kontuan zer hartu behar duten gogorarazi nahi dizuegu:

  • Akordio hau indarrean sartzearekin, patente europarraren sisteman zegoen ezer ez da desagertuko, Europako patenteak behin onartu eta gero Europar Patentearen Hitzarmeneko (EPH) intereseko herrialdeetan balioztatzen jarraitu ahal izango dugu, baina aukera bat gehiago izango dugu: patente unitarioa lortu ahal izango dugu, hau da, patente unitarioaren sistemaren parte diren herrialde guztietan efektu unitarioa duen patente europar bat (herrialde guzti horientzako“balioztapen bakarra”). Europar Batasuneko (EB) kide diren herrialdeak soilik sar daitezke patente unitarioaren sisteman.
  • Patente europar bat eskuratu duen edonork eska dezake patente unitarioa, ez du zertan EBekoa izan beharrik.
  • Espainiak, Kroaziak eta Poloniak ezik EBeko herrialde guztiek sinatu dute Akordioa, eta Alemaniarekin 17 dira berretsi dutenak. Espainiak, beraz, kanpoan geratzeko hautua egin du, eta ez dirudi erabaki hori aldatuko denik, epe labur/ertainera behintzat. Hori dela eta, patente euuroparrak balioztatzen jarraituko dugu Espainian lehen bezala, baita Kroazian eta Polonian ere eta, jakina, EBeko kide ez diren EPHeko herrialdeetan ere, Erresuma Batuan, Norvegian eta Turkian esate baterako.
  • Patenteen Auzitegi Bateratuak (PAB) eskumen esklusiboa izango du patente unitarioen urraketarekin eta baliotasunarekin lotutako ekintzen gainean. Baina kontuz, patente sistema unitarioaren parte diren herrialdeetako balioztatze nazionalen gainean ere izango du eskumena, auzitegi nazionalekin partekatua, gutxienez zazpi urteko trantsizio-aldian,. Horrek esan nahi du balioztapen horiek patente unitarioaren sisteman ere egongo direla… bertatik kendu ezean. Hori egiteko OPT-OUT izeneko mekanismoa erabili genezake.
  • Zein arrisku hartzen dugu OPT-OUT bidez gure patente europarrak patente unitarioaren sistematik kentzen ez baditugu? Oso sinplea: hirugarren batek, herrialdez herrialde patente europar baten balioztapen bakoitzari eraso egin behar izan beharrean, PABaren aurrean patente sistema unitarioaren herrialdeetako balioztapen guztiak kolpe batean baliogabetu ahal izango ditu. Esaterako, Espainian, Alemanian, Frantzian, Erresuma Batuan, Italian, Herbeheretan eta Portugalen balioztatutako patente europar bat badaukagu, hirugarren batek, herrialdez herrialde baliogabetzea eskatu beharrean, modu zentralizatuan baliogabetu ditzake Alemania, Frantzia, Italia, Herbehereak eta Portugaleko balioztapenak (Espainiakoa eta Erresuma Batukoa ez noski, patente sistema unitariotik kanpo daude eta).
  • Arrisku horren aurrean, gure patente zorroa aztertu eta guretzat garrantzitsuak diren patente europarrak OPT-OUT bidez patente unitarioaren sistematik kentzeko aukera ebaluatu beharko genuke. Ez bakarrik eraso zentralizatu bat saihesteko, baita seguruenik erosoago sentituko garelako ezagutzen ditugun auzitegi nazionalen aurrean, adibidez alemaniarren edo italiarren aurrean, nola funtzionatuko duen ez dakigun auzitegi sortu berri baten aurrean baino.
  • OPT-OUT-a edozein unetan egin daiteke PABak eta auzitegi nazionalek eskumena partekatuko duten trantsizio-aldian, baina Akordioa indarrean jarri baino lehen egitea komeni da. Bestela, hirugarren batek auzitara eraman gaitzake PABaren aurrean guk OPT-OUT-a egin baino lehen. PABaren Akordioa indarrean jarri aurretik hiru hilabeteko epea egongo da (“sunrise period” deritzona) OPT-OUT-a egin ahal izateko. Martxoaren 1ean hasiko da epe hori. Denbora daramagu enpresei OPT-OUT-aren inguruan erabaki egokienak hartzen laguntzeko lanean.
  • Bestalde, zenbait kasutan interesgarria izan daiteke efektu unitarioa duen patente europar bat lortzea. Demagun Alemanian, Frantzian, Italian, Herbehereetan eta patente sistema unitarioko beste herrialderen batean balioztatu nahi dugula patente europar bat. Patente unitarioa lortzea eta mantentzea merkeagoa izango da herrialde horietako bakoitzean balioztatzea eta mantentzea baino, eta patente unitarioaren sistemako gainerako herrialdeentzako babesa ere izango dugu.
  • PABaren Akordioa indarrean jarri ondoren bakarrik lortu ahal izango da patente unitarioa. Gerta liteke patente unitarioa lortu nahi dugun patente eskaera europar bat onartzear egotea. Egoera honetan, patente unitarioa lortzeko aukerarik gabe gelditzeko arriskua dugu, patente europarra onartu ondoren hilabeteko epea egongo delako patente unitarioa eskatzeko. Hori dela eta, Europako Patenteen Bulegoak aukera emango du kasu hauetan patente europarraren onarpena PABaren Akordioa indarrean jarri arte atzeratu ahal izatea, horrela patente unitarioa lortzea ahalbidetuz. Atzerapen hori urtarrilaren 1a ezkeroztik eska daiteke. Ordutik onartzear dauden patente europarren eskaerak monitorizatzen ari gara, kasuz kasu hartu beharreko neurriak hartuz.

GALBAIANen prest gaude enpresa, zentro teknologiko eta unibertsitateak patente unitarioaren inguruan behar bezala aholkatzeko erronkari aurre egiteko. Horretarako, behar bezala trebatutako patente europarren agenteen eta paralegalen lantalde bat daukagu, eta baita patente unitarioetan ordezkari izateko eta Patenteen Auzitegi Bateratuaren aurrean jarduteko gaitutako hiru patente europarren agente ere: Ismael Igartua, Eduardo González eta Amaia Sarasola.

Informazio gehiago

CategoryGalbaian, PI

2020 © GALBAIAN INTELLECTUAL PROPERTY

logo-footer

Legezko oharra | Cookien | Pribatutasun politika    mondragon simbolo-twitter