Hamar urte joan dira sortu ginenetik, hamar urte Galbaian izango ginela erabaki genuenetik. Izana eta izena. Izen iradokitzaile bat nahi genuen, eta irudimenak Far West basatian galbahearekin urre bila dabilenaren irudi urruna ekarri zigun. Guk ere besteak beste urrea aurkitu nahi genuen, gurekin partekatzen dituzuen zuen proiektu berritzaileek berez daukaten urrea aurkitu eta babestu, horretarako jabetza industrial eta intelektualak eskaintzen dizkigun tresnak erabiliz. Galbahean aritu beraz. Hitza oñatiartu eta hasieran “Galbahean” zena “Galbaian” bihurtu zen.

Oso garbi daukagu zer egin nahi dugun: zuen bidaide izan nahi dugu jabetza industrial eta intelektualaren kudeaketa estrategikoan. Zuen abantaila konpetitiboa indartzen lagundu nahi dizuegu, ez bakarrik zuen urrea babesteko esklusibotasun-eremuak sortuz, baita infrakzio arriskuak minimizatuz ere. Hau da gure helburua, hau da gure misioa, ikuspegi estrategiko batetik jabetza industrial eta intelektuala jorratzen laguntzea. Eta hala izango da aurrerantzean ere. Orain arte bezala ahalegin guztiak egingo ditugu hurrengo urteetan ere hazten jarraitzeko eta geroz eta hobeak izateko. Denboraren galbaheak gugandik onena atera dezala.

Ismael Igartua
Zuzendaria
CategoryGalbaian

2020 © GALBAIAN INTELLECTUAL PROPERTY

logo-footer

Legezko oharra | Cookien | Pribatutasun politika    mondragon simbolo-twitter