Patenteen Auzitegi Bateratuaren Akordioa indarrean sartzea gero eta gertuago dago, eta horrek patente unitarioaren sistema martxan jartzea ekarriko du. Alemaniak Akordioa berresten duenetik laugarren hilabeteko lehen egunean gertatuko da. Litekeena denez berrespen hori datozen hilabeteetan egitea, patente unitarioaren sistema errealitate bihurtuko da, ezohiko ezer gertatzen ez bada behintzat, urte honen bukaera aldera edo hurrengo urtearen hasieran.

Eta, errealitate berri honen aurrean, zer hartu behar dute kontuan enpresen patenteen arduradunek?

  • Akordio hau indarrean sartzearekin, patente europarraren sisteman zegoen ezer ez da desagertuko, Europako patenteak behin onartu eta gero Europar Patentearen Hitzarmeneko (EPH) intereseko herrialdeetan balioztatzen jarraitu ahal izango dugu, baina aukera bat gehiago izango dugu: patente unitarioa lortu ahal izango dugu, hau da, patente unitarioaren sistemaren parte diren herrialde guztietan efektu unitarioa duen patente europar bat (herrialde guzti horientzako“balioztapen bakarra”). Europar Batasuneko (EB) kide diren herrialdeak soilik sar daitezke patente unitarioaren sisteman.
  • Patente europar bat eskuratu duen edonork eska dezake patente unitarioa, ez du zertan EBekoa izan beharrik.
  • Espainiak, Kroaziak eta Poloniak ezik EBeko herrialde guztiek sinatu dute Akordioa, eta Alemaniarekin 17 izango dira berretsita izango dutenak. Espainiak, beraz, kanpoan geratzeko hautua egin du, eta ez dirudi erabaki hori aldatuko denik, epe labur/ertainera behintzat. Hori dela eta, patente euuroparrak balioztatzen jarraituko dugu Espainian lehen bezala, baita Kroazian eta Polonian ere eta, jakina, EBeko kide ez diren EPHeko herrialdeetan ere, Erresuma Batuan, Norvegian eta Turkian esate baterako.
  • Patenteen Auzitegi Bateratuak (PAB) eskumen esklusiboa izango du patente unitarioen urraketarekin eta baliotasunarekin lotutako ekintzen gainean. Baina kontuz, patente sistema unitarioaren parte diren herrialdeetako balioztatze nazionalen gainean ere izango du eskumena, auzitegi nazionalekin partekatua, gutxienez zazpi urteko trantsizio-aldian,. Horrek esan nahi du balioztapen horiek patente unitarioaren sisteman ere egongo direla… bertatik kendu ezean. Hori egiteko OPT-OUT izeneko mekanismoa erabili genezake.
  • Zein arrisku hartzen dugu OPT-OUT bidez gure patente europarrak patente unitarioaren sistematik kentzen ez baditugu? Oso sinplea: hirugarren batek, herrialdez herrialde patente europar baten balioztapen bakoitzari eraso egin behar izan beharrean, PABaren aurrean patente sistema unitarioaren herrialdeetako balioztapen guztiak kolpe batean baliogabetu ahal izango ditu. Esaterako, Espainian, Alemanian, Frantzian, Erresuma Batuan, Italian, Herbeheretan eta Portugalen balioztatutako patente europar bat badaukagu, hirugarren batek, herrialdez herrialde baliogabetzea eskatu beharrean, modu zentralizatuan baliogabetu ditzake Alemania, Frantzia, Italia, Herbehereak eta Portugaleko balioztapenak (Espainiakoa eta Erresuma Batukoa ez noski, patente sistema unitariotik kanpo daude eta).
  • Arrisku horren aurrean, gure patente zorroa aztertu eta guretzat garrantzitsuak diren patente europarrak OPT-OUT bidez patente unitarioaren sistematik kentzeko aukera ebaluatu beharko genuke. Ez bakarrik eraso zentralizatu bat saihesteko, baita seguruenik erosoago sentituko garelako ezagutzen ditugun auzitegi nazionalen aurrean, adibidez alemaniarren edo italiarren aurrean, nola funtzionatuko duen ez dakigun auzitegi sortu berri baten aurrean baino.
  • OPT-OUT-a edozein unetan egin daiteke PABak eta auzitegi nazionalek eskumena partekatuko duten trantsizio-aldian, baina Akordioa indarrean jarri baino lehen egitea komeni da. Bestela, hirugarren batek auzitara eraman gaitzake PABaren aurrean guk OPT-OUT-a egin baino lehen. PABaren Akordioa indarrean jarri aurretik hiru hilabeteko epea egongo da (“sunrise period” deritzona) OPT-OUT-a egin ahal izateko. Etxeko lanak hiru hilabete horietan egin beharko dira.
  • Bestalde, zenbait kasutan interesgarria izan daiteke efektu unitarioa duen patente europar bat lortzea. Demagun Alemanian, Frantzian, Italian, Herbehereetan eta patente sistema unitarioko beste herrialderen batean balioztatu nahi dugula patente europar bat. Patente unitarioa lortzea eta mantentzea merkeagoa izango da herrialde horietako bakoitzean balioztatzea eta mantentzea baino, eta patente unitarioaren sistemako gainerako herrialdeentzako babesa ere izango dugu.
  • PABaren Akordioa indarrean jarri ondoren bakarrik lortu ahal izango da patente unitarioa. Gerta liteke patente unitarioa lortu nahi dugun patente eskaera europar bat onartzear egotea. Egoera honetan, patente unitarioa lortzeko aukerarik gabe gelditzeko arriskua dugu, patente europarra onartu ondoren hilabeteko epea egongo delako patente unitarioa eskatzeko. Hori dela eta, Europako Patenteen Bulegoak aukera emango du kasu hauetan patente europarraren onarpena PABaren Akordioa indarrean jarri arte atzeratu ahal izatea, horrela patente unitarioa lortzea ahalbidetuz. Atzerapen hori Alemaniak Akordioa berresten duen unetik eska daiteke. Adi egon beharko dugu patente eskaera europarren bat egoera honetan izan dezakegun kasuetan.

Patenteen aholkularioi dagokigu enpresei analisi honetan laguntzea, behar bezala jokatzeko prest egon daitezen.

Informazio gehiago

CategoryPI

2020 © GALBAIAN INTELLECTUAL PROPERTY

logo-footer

Legezko oharra | Cookien | Pribatutasun politika    mondragon simbolo-twitter